Edukira joan

Maria Bigordà Montmany

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Bigordà Montmany
Bizitza
JaiotzaUllastrell1916ko irailaren 21a
Herrialdea Katalunia
HeriotzaTerrassa2009ko irailaren 8a (92 urte)
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak

Maria Bigordà Montmany (Ullastrell, Bartzelona, Katalunia, 1916ko irailaren 21aTerrassa, Bartzelona, 2009ko irailaren 8a) emakume langile errepublikarra izan zen, frankismoak erreprimitua eta langile klasearen lan baldintza eta gizarte aldarrikapenekin konprometitua. Kataluniako Alderdi Sozialista Batua (PSUC) alderdian eta Langile Komisioak (CCOO) sindikatuan jardun zuen.

Ullastrellen jaioa, nekazari pobreen familia baten lehen alaba zen. Haren ama Tecla Montmany Carreras zen eta aita Pedro Bigordà Fuente, mahasti batzuen errentariak. Sei urte bete berriak zituela, Mariak dagoeneko gurasoei bere lanean lagundu egiten zien edo jornal baten truke olibak biltzera joaten zen. Ama katoliko praktikantea zen eta Maria katixismora bidaltzen zuen; aita, berriz, Esquerra Republicana de Catalunyako alderdiko eta Unió de Rabassaires sindikatuko militantea zenez txikitatik eramaten zuen alaba Terrassako mitinetara. Espainiako Gerra Zibila garaian aguazil izan zen. Maria eskolara gutxi joan zen arren, katalanez irakurtzen ikasi zuen, bere etxean Unió de Rabassaires sindikatuaren La terra aldizkaria[1] irakurtzen baitzen. Lau neba-arreba izan zituen, Àngela (1919), Valentí (1921), Amadeu (1923) eta José (1926), zeinen amabitxia izan zen eta etorkizunean apaiz ezagun bihurtu zen.

Hamar urte betetzear zela, Terrassan hasi zen lanean, Can Tusell etxeko zerbitzuan. Hamabi urterekin, egunero Terrasara joateaz nekatuta, lana utzi eta Ullastrellen geratu zen, Can Correu etxean neskame lanean. Geroago lanbide bat ikasi nahi izan zuen eta Can Arrufat lantegian ehule bezala hasi zen. Bertan emakume librearen irudiak transmititzen zituen ideologia anarkistarekin harremanetan jarri zen. Azpimarratzekoa da La Revista Blanca[2] aldizkari libertarioaren baitan La Novela Ideal[3] sailean argitaratzen zituzten narrazioak bere pentsamoldean izan zuen eragina.

Errepublika garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ehule lana ikasi ondoren, 1931 urtearen inguruan lana aurkitu zuen Tela fabrikan, eta bertan destajuan lan egiten zuen baldintza oso gogorretan. Denbora gutxiren buruan, Domènec Domingo lantegira aldatu zen, han ehungailu batean aritzen zen franela zuria ehuntzen. Terrasara joan zen bizitzera eta Cal Pere izeneko etxe batean egiten zuen neskame lanak ehungintzan egiten zuenarekin uztartu zituen. Bertan janaria eta ostatua eskaintzen ziotenez, ia soldata guztia familiari ematen zion.

1933aren hasieran, hamasei urte zituela, zuen dibertsio bakanetako bat Zinema Alegriara joatea zen[4] eta han ezagutu zuen bere senarra izango zen, Josep Portero Serrano, Vallhonrat galtzerdi fabrikako ehungilea. Biak ateoak zirenez, Espainako Bigarren Errepublikak onartzen zuen ezkontza zibila ospatu zuten, Terrassako Bake Epaitegian. Ezkontzaren hasiera ehungintzako eta eraikuntzako langileek negoziazio gogorren ostean irabazi zituzten lehen opor ordainduekin bat egin zuen eta eztei-bidaia egin zuten Puigcerdàra. Lau urte eskasean bi alaba izan zituzten eta senarra Mariak lana uztearekin tematua zegoenez bikotearen desadostasunak hasi ziren. Hauek tratu txar fisikora iritsi zirenean Mariak Terrassako epaitegian salatu zuen baina ez zuen inolako emaitzarik lortu.

Espainiako Gerra Zibilaren hasieran, Jose soldadutzara deitu zuten, baina ezkutatu egin zen.[5] Mariak bere alabarekin Andorrara joateko asmoa zuen, baina gero berriro haurdun geratu zen eta ez zuen abortatu nahi izan senarraren oldarkortasuna areagotuz. Bigarren alaba jaio eta gero, banandu egin zen, familiak eta, oro har, gizarteak oso harrera txarra egin zion, bere koinatak bakarrik eskaini zion laguntzaren bat. Denek baztertuta, elikadura arazo larriak izaten hasi zen, eta goseak eta laguntza medikorik ezaren ondorioz, 20 hilabeteko alaba gazteena difteriaz hiltzen ikusi zuen. Garai hartan, UGT eta gero CNT sindikaturen laguntza eskatu zuen Can Vallhonrat lantegian onartua izateko.

Porrota eta errepresioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra amaitu ondoren, lege frankista berriak emakumeek Errepublikan eskuratutako eskubideak indargabetu zituen, eta 1939ko Corpus egunean, poliziak alaba kendu egin zion aitari emateko. Mariak bere zaintza galdu zuen eta bakarrik ezkutuan ikusiz 12 urte igaro zituzten.

Militar frankistek Ullastrelleko familiaren etxea miatu eta bere aita epaiketarik gabe kontzentrazio-eremu batean sartu zuten. Maria bere senarrak eta lankide batek salatu egin zuten, eta uztailaren 3an atxilotu egin zuten. Hamar egun geroago, gerra-kontseilu baten mende jarri zuten, eta Terrassako Ingeniaritza Eskolan ezarritako Auzitegi Militarrak epaitu zuen, 11.736 zenbakiko premiazko prozedura sumarioan, eta 12 urte eta egun bateko zigorra kondena jarri zioten Matxinadari laguntzeagatik.[6]

Hilabete batzuk eman zituen kartzelan Terrassan. 1940ko martxoaren 10ean Bartzelonako Les Corts espetxera eraman zuten. Han ezagutu zituen, besteak beste, Adelaida Abarka Izquierdo eta María del Carmen Cuesta Rodríguez militante komunistak[7]. Bere oroitzapenetan adierazten zuen lankide haien maila kulturalak behin betiko eragina izan zuela kontzientzia politikoaren eraketan. Handik denbora batera, lanaren truke zigorra arintzeko aukera izan zuen eta monjen garbitzaile bihurtu zen.

1941eko irailaren 18an baldintzapeko askatasuna eman zioten, baina ezin izan zuen etxera itzuli. Madrilera erbesteratu zuten, eta espetxeko lankide baten senideek hartu zuten. Bitartean bere senarrak, ezkontza erlijioso berri bat egin zuen, lege berrien arabera baliozko bakarra izango dena. Urriaren 16an, aske utzita itzul daiteke Terrassara. Gurasoekin bizitzera joan eta landan lan egiten zuen.

Auzo eta lan aldarrikapenak diktadurapean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1946an indultua iritsi zitzaion, eta, aurrekari penalen ondorioz gizarteratzeko zailtasunak izan zituen arren[8], bere bizitza normalizatu eta alaba berreskuratzeko itxaropena izan zuen. Neskame lana egin zuen 12 urtez, baina etxeko lanak ez zionez inolako lan eskubiderik ezta gizarte estaldurarik ere bermatzen[9], berriro ekin zion ehule-lanari.

1953an, alaba, 20 urte zituela, berarekin bizitzera joan zen. Hasieran ezin zuen sukalde eskubidea zuen gela bat besterik ordaindu, baina aurrerago, etxebizitza prekarioak izan ondoren, San Lorenzo auzoko Obra sindical del Hogar[10] erakundeak eraikitako etxebizitza-bloke batera bizitzera joateko eskaera egin zuten. Inmigrazioa gehitzeak neurrigabeko eraikuntza eta azpiegitura eta zerbitzurik gabeko auzoak sortzea ekarri zuen. Etxebizitza duinen beharrak eraginda, Mariak bizilagunek espekulazioaren eta txabolismo bertikalaren kontra borrokatzeko konpromisoa hartu zuen eta bera bizi zen San Lorentzo auzoa izan zen borrokalarietako bat.

Klase borrokarekin konprometituak eta Eliz egitura zaharkituaren aurkako ideia berritzaileak zituzten.apaiz-langile gazteak auzoetara iristeak[11] parroki berriak Antifrankismoaren aterpe bihurtu zituen. Can Boadakoa aintzindari izanik, Egara, Las Arenas eta San Lorentzo parrokiatan, laguuntasun handiko giroan, politika eztabaidatu zen, egunkari klandestinoak irakurri eta bilerak prestatu ziren.[12] Mariak ahal zuenean kolaboratzen zuen eta 1964an Bartzelonako Langile Batzordearen sorreraren parte hartu zuen, Sant Medir Parrokian.[13] Bilera horren apaiz gidaria izen zen bere anaia Josep Bigordà Montmany [14] gerora kazetari nabarmena, teologia eta zuzenbide kanonikoko irakaslea eta eliz-epaitegiko kidea izan zen. Auzo Gotikoan dagoen Santa Maria del Pi elizan urte luzez aritu ondoren Bartzelonako Ohorezko Domina jaso zuen.

1973an, gatazka handiko aldi baten ondoren, poliziak Sant Llorenç parrokiari eraso eta miaketa bat egin zion. Apaiz guztiak eta gizarte-laguntzailea atxilotu zituzten erregimenaren aurkako mugimendu bati estaldura ematearen akusaziopean. 1975ean, diktadurak bost pertsona exekutatuz hasitako basakeria berarekin amaitu zen. Franco hil baino egun batzuk lehenago, Maria Montserratera joan da, preso politikoen aldeko gose-greban zeuden pertsonei bere elkartasuna adieraztera.

Militantzia politiko eta sindikala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1976an jubilatu zen eta azkenean PSUCko eta Langile Batzordeetako militante txartela lortu zuen.[15] Maria katolikoa zen, praktikantea, baina eurokomunismoarekin identifikatzen zen, Alfonso Carlos Comínen liburuen irakurketaren eraginpean. Alderdiaren barruan, tokiko batzordeko kide izan zen lau urtez. Luis Maria Xirinachs-ek Model Kartzelaren aurrean egindako gose-grebei laguntzeko ekitaldi politikoetan eta Askatasuna, Amnistia eta Autonomia Estatutuaren pean egindako adierazpenetan ere parte hartu zuen.

Maria 2009ko irailaren 8an hil zen, 93 urte betetzear zela.[16]

Aintzatespenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • 2005eko maiatzaren 10ean, Terrassako Udalak omenaldia egin zion bizitza osoan eskubide sozial, ekonomiko eta politikoen alde borrokatu ziren emakumeen ordezkari gisa.[17]
  • 2006an, Lourdes Planes y Campderrós historialariak Maria Bigordà i Montmany, testimoni d'una èpoco obscura liburua argitaratu zuen.[18]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Proyecte educatiu: Maria Bigordà i Montmany. La dona al segle XX a Terrassa. Terrasako BHIn DBH 3. mailako ikasleekin aurrera eramandako hezkuntza proiektua.[19]
  • Lacueva, J. L., Lacueva i Moreno, J. L., Márquez i Berrocal, M., Plans i Campderrós, L. (2007). Combat per la llibertat: memòria de la lluita antifranquista a Terrassa : (1939-1979). Fundació Torre del Palau.[20]
  • Enrech, Carles. Treball femení i estratègies familiars davant el mercat laboral a Terrassa. Una unvestigació en perspectiva comparada (1920-1936)». Terme, 2009, Núm. 24, p. 155-174[21]
  • Martí i Pol, Miquel. La fàbrica: Pròlegs de Jordi Sarsanedas i de l'autor. Edició del cinquantenari, que inclou La Fabrica-1959 en l'ordre original. Espainia, Edicions 62, 2022.[22]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Katalanez) La Terra (revista). 2023-06-22 (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  2. (Gaztelaniaz) «La Revista blanca (Madrid)» Hemeroteca Digital. Biblioteca Nacional de España (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  3. (Gaztelaniaz) «'La Novela Ideal', cuentos rosas de la II República para enseñar anarquismo a las mujeres» Magas 2021-10-14 (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  4. (Katalanez) Campderrós, Lourdes Plans i. (2000). La vida cultural i recreativa a la Terrassa d'ahir, 1875-1931. Fundació Torre del Palau ISBN 978-84-923636-3-6. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  5. (Katalanez) «Guerra Civil» Records de Terrassa (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  6. Cenarro Lagunas, Ángela. (2003). La institucionalización del universo penintenciario franquista. Crítica, 133–154 or. ISBN 978-84-8432-438-6. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  7. (Gaztelaniaz) Cuevas, Tomasa. (2004). Testimonios de mujeres en las cárceles franquistas. Instituto de Estudios Altoaragoneses, Diputación de Huesca ISBN 978-84-8127-150-8. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  8. (Katalanez) «Els Anys foscos de la postguerra. Terrassa, 1939 – 1945.» Els llibres de Terrassa – Dabit (Terrassa) 2023-07-18 (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  9. (Katalanez) ««A tot estar». El servei domèstic a Terrassa 1940-1960.» Recensions – Dabit 2023-07-18 (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  10. (Katalanez) «Obra Sindical del Hogar» www.enciclopedia.cat (Enciclopedia.cat) (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  11. (Katalanez) Vallès, Jaume Botey. (2011). Capellans obrers: compromís de l'Església amb el món obrer. Cristianisme i Justícia ISBN 978-84-9730-272-2. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  12. (Katalanez) «Heu cercat Parròquies obreres contra el franquisme» Diari de Terrassa (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  13. (Katalanez) «Coneixes la història de CCOO?» CCOO CAT (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  14. (Katalanez) «Mossen Josep Bigordà» Resistencia antifranquista i espai public 2012-11-28 (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  15. (Katalanez) «Entrevista a Maria Bigordà Montmany» Arxiu Històric - CCOO Catalunya (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  16. https://www.rememori.com.+Esquela online de Maria Bigordà Montmany fallecido en Terrassa #DEP. .
  17. Homenatge a dones Terrassenques (Maria Bigordà, 2006). .
  18. (Katalanez) Campderrós, Lourdes Plans i. (2006). Maria Bigordà i Montmany: testimoni d'una època obscura. Centre d'Estudis Històrics de Terrassa (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  19. (Katalanez) Projecte Educatiu La Dona al Segle XX - INS Torre Palau. .
  20. (Katalanez) Lacueva, Josep Lluís; Moreno, Josep Lluís Lacueva i. (2007). Combat per la llibertat: memòria de la lluita antifranquista a Terrassa : (1939-1979). Fundació Torre del Palau ISBN 978-84-935424-3-6. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  21. Enrech, Carles. (2009). «Treball femení i estratègies familiars davant el mercat laboral a Terrassa. Una unvestigació en perspectiva comparada (1920-1936)» Terme: 155–174. ISSN 2014-9670. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).
  22. (Katalanez) Pol, Miquel Martí i. (2022-09-21). La fàbrica: Pròlegs de Jordi Sarsanedas i de l'autor. Edició del cinquantenari, que inclou La Fabrica-1959 en l'ordre original. Edicions 62 ISBN 978-84-297-8054-3. (Noiz kontsultatua: 2024-01-14).